XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gipuzkoa XVIII. mendearen bigarren zatian: ez atzera ez aurrera.

XVIII. mendea kontzeptu positiboekin identifikatzeko joera izaten dugu.

Mende hori aipatu ahala, ilustrazioa, enziklopedistak, aurrerabidea, hazkunde ekonomikoa eta horrelakoak etortzen zaizkigu gogora.

Espainia hamazazpigarren mendearen iluntasunetik eta krisialditik atera eta kanpotik datozen eta bertan ere sortzen diren argietara begira jartzen den mendea izan ohi da hemezortzigarrena.

Euskal Herriari dagokionez, berriz, bapatean datozkigu burura Caracas-eko Errege Konpainia Gipuzkoarra, Azkoitiko Zalduntxoak, Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea...

Berehalako identifikazio hori, ordea, erabat okerra ez izan arren, sinpleegia da, azal-azalekoa.

Eta horrekin ez dugu gauza berririk esaten, izan ere duela ia bi hamarkada P. Fernández Albadalejok Gipuzkoari buruz egindako azterketa sakonetan eta harrezkero egin diren beste ikerketa batzuetan ageri da, dagoeneko, mende haren egiazko izaera eta bilakaera jakiteko ikuspegi zuzena.

Hortaz, hariari heldu baino lehen ikus dezagun, gainetik bederen, zer egoera zegoen Gipuzkoan garai hartan.

Praktikoak eta laburrak izateko bi zatitan bereiz dezakegu XVIII. mendea, ondo bereiziak diren bi mende-erdietan, hain zuzen.

Lehenengoan oraindik ere hazkunde ekonomikoa eta demografikoa nabari da, XVII. mendearen hirugarren hamarkadan ekarritako artoak emandako bultzadaren eraginez.

Artogintza oso emankorra eta oparoa gertatu zen Gipuzkoan, oso lur gozoa eta eguraldi aproposa baitzituen hartarako, eta probintzia baita Kantaurialde osoa ere murgildurik zegoen krisia gainditzeko irtenbidearen ardatz bihurtu zen berehala.

Ameriketatik ekarritako zitu horrek lur eta sail berriak laborantzarako dedikatzea ekarri zuen ia mendebetean zehar, eta nabarmena izan zen bai ekonomiari bai gizarteari begira nekazaritzak hartu zuen pisua.

Lehen sektoreak izandako garapenaren eraginez, populazioa bera ere arrunt gehitu zen, nekazaritza etengabe eskeintzen ari zen lan aukeren gerizpean.

Bestalde, metropoliaren eta itsasoaz bestaldeko kolonien arteko harremanak areagotu zirenean Caracaseko Errege Konpainia Gipuzkoarra sortu zen, 1728an hain zuzen.

Konpainia horrek kakaoa salerosteko monopolioa eskuratu zuen, baina garapen ekonomikoaren bultzatzaile nagusia izatera iristeko ahalbidea (...).